Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Orkatzategi.

Orkatzategi.:: mendikat.net

Araotz
Orkatzategi (869 m)
Leintz-Gatzaga

mendirizmendi.com  | 20-09-2018

Ibilbidean Aitzulo bisitatuko da. Aitzulo harkaitzean higadurak eginiko zulo erraldoi eta ikusgarria da. Leku magikoa dugu. Orkatzategitik Urkulu urtegi, Udalaitz eta Anboto aldera dauden bistak ikusgarriak dira.

Ibilbidea Lope de Agirre konkistatzailea jaio zen Araotz herritik hasten da. Perun kolonizatzaileen artean eman ziren hainbat gatazka eta liskarretan parte hartu zuen, baina Eldorado altxorraren bilaketan parte hartzeagatik ezagutzen da gehien.

Sarrera atzean dauka eta bertara hurbildu arte ez da nabari hor dagoela. Barrura sartzen garen heinean apurka apurka zabaltzen doan kobazulo moduko tunel handia da eta bat-batean, aurrez aurre, begi handi baten forma duen zuloa agertzen da. Horrez gain, sabaian zulo handi bat du. “Leihoaren” ertzera erraz hurbil daiteke eta bertatik bistak ikusgarriak dira.

Ibilbidea Santakurutz baselizaren albotik pasatzen da. Baseliza eta inguruko eremuak oso politak dira. Baseliza XIX. mendearen hasiera aldera eraiki zen. Urtean bi meza ospatzen dira bertan. Lehena maiatzak 3an eta bigarrena, uztailean, Jakue egunean.

Ibilbidearen deskribapena
Araotz herriko sarreratik baserri batzuetara igo behar da. Hauek pasatzerakoan eskuinera jo behar da. Bideak emeki gora egiten du. Basotxo bat igaro ondoren aldapa zertxobait tentetu egiten da. Aurrerago bideak pinudi bat bere eskuinetik inguratzen du eta txabola batera eramaten gaitu. Bertan jaiotzen den bidezidorra zuzen jarraitu eta igoera labur batean Aitzuloko sarrerara iristen da.

Aitzulo begia ikusi ondoren bidezidorrera itzuli eta eskuinera eginez igotzen jarraitu behar da. Bideak Aitzgaineko ur biltegira hurbilduko gaitu. Orkatzategira igotzeko 150 m inguruko desnibela geratzen da, baina lasai hartuta arazorik gabe igotzen da. Paisaiaz gozatu ondoren, zelai batetik Orkatzategi eta Ametzueta artean dagoen lepoan dagoen bidegurutzera jaitsiko gara. Jaitsiera leuna da. Lepoaren inguruetan Urtapotoluetako trikuharria eta Linatzako tumulua aurkitzen dira. Bidegurutzean aurkituko dugun pistari jarraitu behar zaio Santakurutz baselizara iritsi arte. Tarte honek emeki behera egiten du.

Baseliza bisitatu ondoren bideari jarraituko diogu. Pistak Santakurutz gaina eskuinetik inguratzen du eta Arbe errekak osatzen duen bailarara jaisten digu. Bertatik, bideari jarraituz, Elorretako lepora igo behar da. Lepoa igarotzerakoan norabidez aldatu eta ezkerrera egin behar da. Ia altuera galdu gabe Pagobedeinkatutako lepora jaitsiko gara. Bertan dagoen bidegurutzean mendebaldera jotzen duen pista hartu behar da. Bide horretik, Makatzgain gailurra bere eskuinetik inguratuz, izen bereko lepora hurbildu behar da. Hemendik, ibilbidea amaitu arte, bideak behera egiten du. Ordu inguruko jaitsierak ibilbidearen amaieran utziko gaitu.

IRTEERA
Eguna: Irailak 30
Irteera ordua: 8:00
Tokia: Atsegindegi.

IBILBIDEA
Luzera: 18 km
Denbora: 6-7 h.
Desnibel metatuak: 900 m gorantz eta beherantz.
Zailtazuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.

Mendiriz Mendi

Plaza Iturregi, s/n
20120 Hernani - Gipuzkoa
Tel.: 943 332 745

info@mendirizmendi.com

Info Montaña