Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Arantza herria.

Arantza herria.:: www.arantza.eus

Arantzatik Arantzara Ekaitzan barrena (1.046 m)

mendirizmendi.com  | 30-11-2018

Urteari amaiera emateko ibilbidea. Gogorra da, desnibel handia eta nahiko luzea delako, baina oso ibilbide polita da. Eguraldi ona suertatzen bazaigu, ibilbide osoan, Arantza aldera dauden bistak zoragarriak dira.

Arantzako zirkoak Arrata erreka inguratzen duten gailur pilo batez osatuta dago. Horitako askok 1.000-tik gorako altuera dute. Zirkulu erdi bat osatzen Arantza herriaren inguruan kokatzen dira. Zirkoko gailur garaiena Mendieder da (1.071 m). Ibilbide honetan gailur horietako batzuk igoko dira. Zirku osoa egiteak 30 km inguruko ibilbidea suposatzen du, baina guk zati esanguratsuena soilik burutuko dugu, 20 km inguru eta ia 1.000 metroko desnibela duena.

Bertako baso eta mendietan oraindik agertzen dira antzinako zuhaitzen arrastoak. Beheko lur sailetan haritzak eta goi lurretan pagoak. Horietaz gain, badira hosto erorkorreko beste zuhaitz espezie batzuk, nabarmenena lizarra. Basoen hedadurak zirkoko azaleraren %50 gainditzen du. Bailara honetan pago-lizarren (Carpinus betulus) basoa dugu. Garai batean Europan oso zabalduta zegoen baso motaren aztarna edo erlikia da. Iberiar penintsula osoan hemen bakarrik sortzen da pago-lizarra berez. Zuhaitz hori babesteko ingurune hau Natur Erreserba izendatu zuten 1987an.

Ibilbidearen deskribapena
Arantzan Beheko karrika hartu eta Arrata ibaira jaitsi behar da. Harri-lauzez osatuta bidea da. Zubi bat zeharkatu ondoren, ezkerrera egin behar da. Lauzez estalita dagoen kanala topatuko dugu. Kanal horri jarraitu behar diogu. Ez da oso zabala, baina modu eroso batean mendi magalari jarraitzeko aukera ematen du erreka beti gure azpian dugula. Kanalaren hasiera partean tunel txiki bat pasa behar da. Kanalaren amaieran erreka zeharkatzen da eta pista batera iristen da. Bertan aurkituko dugu Putzubeltz errekaren lehen ur-jauzia.

Alboan aurkituko dugun bidezidorrari jarraitu behar zaio pista batera iritsi arte. Errekatik aldentzen hasten den arte pistari jarraitu. Bertan errekaren beste aldera pasa eta baso barrutik doan bideari jarraitu behar zaio. Igoera gogorra, baina polita ur-jauzi txiki pilo dituelako alboan. Bideak pista batera eramango gaitu eta pistak ehiztarien borda multzo batera.

Ezkerrera egin eta gandorrari jarraituz berehala gara Ekaitza gailurrean. Bertatik, goi mendiko belazeetatik barrera, igoera eta jaitsiera txiki batzuekin, Mendieder gailurrera hurbilduko gara. Eskuinean Mendaur gailurra, bere ermita deigarriarekin, eta urtegia ikusten dira. Guk ipar aldera egin eta Mairubaratzeta gailurrera hurbilduko gara. Tarte honetan PR-NA 104 ibilbideko marka zuri-horiekin egingo dugu topo. Gandorrari jarraitu behar zaio, aurkitzen ditugun gailurtxoak igo eta jaitsiz. Bulatxiki lepora, aska bat dagoen tokira, iristerakoan ipar-mendebaldera biratu eta jaisten hasi behar da. Herrira hilerriko bidetik sartuko gara

IRTEERA
Eguna: Abenduak 16
Irteera ordua: Goizeko 8:00tan
Tokia: Atsegindegi.

IBILBIDEA
Luzera: 17 km
Denbora: 6 h.
Desnibel metatuak: 950 m gorantz eta beherantz.
Zailtazuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibilbide luzea
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.

Mendiriz Mendi

Plaza Iturregi, s/n
20120 Hernani - Gipuzkoa
Tel.: 943 332 745

info@mendirizmendi.com

Info Montaña