Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

Helduen irteera

Urdolako cromlecha.

Urdolako cromlecha.:: wiki.txoperena.es

Hurrengo irteeran Leitzatik Goizuetara joango gara

mendirizmendi.com  | 27-09-2022

Nafarroako lurretan da hurrengo irteera. Hernanikoentzat hain gertukoak diren bi herrien artean, Leitza eta Goizueta artean, izango da.

Ibilbide honetan Ibero dorrearen albotik pasatuko gara. Dorre honek historia luze eta interesgarria du. Bere ingurutan ere, orain dela gutxira arte, ehun eta berrogei urtera arte, burdinolak zeuden eta bertan lana egiten zen. Baina gauza horiek guk kontatzen ibili beharrean hobe duzue Kronikak Jose Javier Etxeberria goizuetarrari eginiko elkarrizketa irakurtzea (lotura).
Bidean artzaintzan asko ibili diren eta ibiltzen diren bi paraje zeharkatuko ditugu, Leitzelarrea eta Urdola. Urdolako soroetara ekartzen omen zituzten, Leitzako herriari ordainduta, Gipuzkoako hainbat herritik, ganadua bazkatzera. Paraje hau muino baten inguruan kokatuta dago eta gailurretik gertu hiru cromlech daude.

Ibilbidearen deskribapena
Gurdi bide zaharrari jarraituz Baztaria gailurrean dauden antenen ingurura igoko gara. Bertan mendiaren ipar magalera pasatuko gara eta basotik Leitzalarrera eta ondoren Urdolara jaitsiko gara. jaisten Basoan berriro sartu eta zertxobait jaitsi ondoren beste soro batzuetara iritsiko gara. Hemendik Mendibilko lepora igo behar da. Ez da desnibel handia eta erraz egiten da. Hortik aurrera ia ibilbide gehiena maldan behera dela esan daiteke. Baso barruan ibiliz hainbat borden albotik pasatuko eta bideak norabide aldaketa pare bat egin ondoren Iberoko dorrea dagoen aldera jaitsiko gara. Orain dela bi mende berritutako zubia zeharkatu ondoren Goizueta eta Leitza batzen dituen errepidera, ibilbidearen amaierara, iritsiko gara.

Izena emateko
Irteera Urriaren 16ean izango da.
Irteera lekua Atsegindegi da eta irteera ordua goizeko 8:00tan izango da.
Zehaztasun gehiago izateko eta izena emateko, elkarteko bulegotik pasa (Iturregi plaza z/g) astelehen, ostegun edo ostiralean arratsaldeko 8etatik 9etara.

Datu interesgarriak
Denbora: 6-7 ordu
Desnibela: 600 m gorantz eta 1.000 m beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik ez.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

Mendiriz Mendi

Plaza Iturregi, s/n
20120 Hernani - Gipuzkoa
Tel.: 943 332 745

info@mendirizmendi.com

Info Montaña