Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

“Valle de los Sarrios“.

“Valle de los Sarrios“.:: Javi Esparza

"Senda de Camille": hirugarren etapa

mendirizmendi.com  | 2017-09-23

Oraingo honetan Lizaratik Somportera doan etapa egingo dugu. Ibilbideak "Valle de los Sarrios" bailara eta Estanes aintziratik pasatzen da.

Agian “Senda de Camille” ibilbideak duen etaparik politena da hau. “Valle de los Sarrios” bailara eta Estanes aintzira oso leku politak dira eta merezi du bertara hurbiltzea.

“Valle de los Sarrios” bailara Lizarako aterpea eta Estanes aintiraren artean kokatuta dagoen zintzilikatutako bailara da. Lehen glaziar baten mihia zen, baina glaziarra urtzerakoa bailara geratu da.
Nahiko bailara isolatua da, sorotan aberatsa eta erreka emankor batekin, eta hori dela eta, bertan sarrioak ugari ibiltzen dira. Hortik datorkio izena. Bailara hau ere ezaguna da udazkenean inguruko sarrioak ugaltzera hurbiltzen direlako. Sarrioak zeloan urrian eta azaroan sartzen dira. Tarte horretan arrek emeak jarraitzen dituzte eta arren arteko borrokak ohikoak izaten dira. Ariek bezala buruak kolpatzen dituzte eta atzera lehen botatzen denak galdu egiten du. Ernaldu ondoren gestazioak 20 aste inguru irauten ditu eta apirila amaieran hasten dira kumeak jaiotzen. Emeek normalean kume bat erditzen dute. Kumeek heldutasun sexuala 2 eta 4 urte bitartean lortzen dute.

IBILBIDEEN DESKRIBAPEN LABURRA
Lizara aterpetik irten eta “Barranco de los Castilones” izeneko bailaratik “Foya de Bernera” izeneko lautadara igoko gara eta hortik, eskuinera eginez,“Puerto de Bernera” lepora.
Lepotik metro batzuk jaitsi ondoren “Valle de los Sarrios” bere osotasunean ikusten da. Bailarara jaitsi eta goitik beheraino zeharkatu ondoren Estanes aintzirara jaitsiko gara.
Aintzira inguratu ondoren Sansanet izenarekin ezagutzen den pagadira jaitsi behar da. Bere barrutik Gave d´Aspe errekara iritsi arte jaitsi behar da. Toki honetan aurkitzen da Chorrera del Aspe izeneko pasartea. Ez da zaila, baina tarte nahiko labur batean bidea estutu egiten da eta nahiko aereoa bihurtzen da. Kontu pixka batekin ez da arazorik izaten. Erreka zeharkatu eta gora eginez “Collado de Causiat” izeneko leporaino igo behar da. Bertatik Candanchuko eski estazioaren instalazioak ikusten dira. Guk ezkerrera egin “Col de Besata” izeneko lepora igoko gara. Hortik aurrera, geratzen den tarte laburrean, dena behera da.

IRTEERA
Egunak: Urriak 1
Irteera ordua:Goizeko 6:00
Tokia: Atsegindegi

IBILBIDEAK
Luzera: 18 km
Denbora: 6-7 h inguru (geldiuneak barne)
Desnibel metatua: 1000 m inguru gorantz eta 900 m beherantz.
Zailtazuna:Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.
Oharra: Janaria eta ura motxilan eraman behar dira.

Bisaurin eta Lizara aterpea. Bisaurin eta Lizara aterpea.:: Javi Esparza ::