Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Ibilbidea egiten.

Ibilbidea egiten.:: Kim Del Vecchio

Schepens-Sarotxar
askatasunaren
bidea

mendirizmendi.com  | 2017-10-10

Bigarren Mundu Gerran Charles Schepens belgikarrak eta Manex Sarotxar artzain euskaldunak Nazietatik jendeari ihes egiten laguntzeko erabiltzen zuten ibilbidea egingo dugu.

Mendibe herrian (Nafarroa Behera) zerrategi bat zegoen inguruko basoetako egurrez hornitzen zena. Zerrategiaren jarduera ekonomikoa bi denbora tartetan eman zen. Lehena 1927 eta 1936 artean eta bigarrena 1942 eta 1955 artean.

Bigarren Mundu Gerran “Zero” izeneko sare klandestinoaren estalkia izan zen zerrategia. Bertako zuzendaria Charles Schepens mediku belgikarra zen. Mister Perot edo Jacques Perot goitizenarekin lana egiten zuen. Nazietatik alde egin nahi zuen jendeari (juduei, frantsesei, belgikarrei, amerikarrei…) okupatutako eremuetatik ihes egiten laguntzen zien. Manex Sarotxar izeneko artzain euskaldunaren laguntza ezin hobea izan zuen. Manexek oso betilun irudia eman arren, mendiko gida paregabea zen eta sareak zuen helburuarekin oso konprometituta egon zen. Sarean Manex gain Maule, Mendibe, Donibane Garazi, Orbaizeta , Otsagi, Elizondo, Iruña eta Donostiako jende pilo batek parte hartu eta lagundu zuen. Iratiko basoa sarearen puntu kardinala izan zen.

Schepens Belgikako Mouscron herrian jaio zen 1912. Urtean. Bere aita medikua zen. Hasiera batean matematika ikasketak egin zituen, baina azkenean medikuntza ikasten amaitu zuen eta Oftalmologian espezializatu zen. Alemanek Belgika inbaditu ondoren Frantziara ihes egin zuen eta erresistentziari batu zitzaion.

Mendirizmendik sareak jendea Espainiara pasatzeko erabiltzen zuen bidea egingo du. Ibilbideak Euskal Herriko paraje ederrenak zeharkatzen ditu. Behe Nafarroako bailara eta herriak politak lehenik. Ondoren, muga igaro ondoren, Irabiako urtegira jaisten da eta Europa mendebaldeko pagadi handiena zeharkatu ondoren, Orbaizeta herrira iristen da.

Guztira 27 Km dira. Lasai hartuta bi egunetan egiten den bidea da, baina guk etapa luze batean egingo dugu. Zailtasun baxukoa da, baina luzea denez egoera fisiko onean edota mendian ibiltzen ohituta egon behar da.

IBILBIDEEN DESKRIBAPEN LABURRA
Ibilbidea Mendibeko Saint Sauveur baselizatik hasiko dugu. Baseliza, D-18 errepideari jarraituz, herritik 10 kilometro ingurura dago. Frantzia eta Espainako mugaraino, Orgateirano, (8 km inguru dira) bidea errepidearen albotik igarotzen da. Hasierako 1,5 km inguru, Burdingurutzetako mendateraino, bideak gogor gora egiten du eta tarte txiki horretan 500 metroko desnibela igotzen da. Mendatetik aurrera ibilbide guztiak behera jotzen du eta eroso egiten da.

Muga inguruan dagoen Chez Pedro jatetxe eta aterpean bazkaltzeko asmoa dago. Muga zeharkatu eta Iratiko etxoletara GRT9 ibilbideari jarraituz Irabia urtegira jaitsiko gara eta hemendik Orbaizetara SL63A bideari jarraituz.

IRTEERA
Eguna: Urriak 22
Irteera ordua: Goizeko 7:00
Tokia: Atsegindegi

IBILBIDEAK
Luzera: 27 km
Denbora: 9 h inguru (geldiuneak barne)
Desnibel metatua: 600 m inguru gorantz eta 750 m beherantz.
Zailtazuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Hori bai, ibilbide luzea denez egoera fisiko onean edota mendian ibiltzen ohituta egon behar da.
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.