Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

San Juan Xar iturria.

San Juan Xar iturria.:: Ernesto L√≥pez Espelta

Igantzi - Unanu (651 m) - Igantzi: ibilbide zirkularra

mendirizmendi.com  | 2018-12-25

Urteari hasiera emateko ibilbide polita. Ez da desnibel handikoa, ezta oso luzea ere. Eguraldi onarekin Arantza inguratzen duten mendien aldera dauden bistak zoragarriak dira. Ibilbidea zirkularra eta goizekoa da.

Unanu gailurra izen bera duen mendilerroan kokatzen da, Arantza, Igantzi eta Lesaka udalerriko lur eremuetan. Guk Igantzi herrian hasiko dugu ibilbidea, Unanu mendira igoko gara eta San Juan Xar iturria bisitatuko dugu. San Juan Xar iturria eta bere inguruneak Erreserba Naturala dira, bertan xarma zuhaitza (Carpinus betelus) aurki baitaiteke. Iberiar penintsula osoan ez da inon gehiago modu naturalean aurkitzen.

San Juan Xar iturriko urak antzinatik dira ezagunak. Inguru hauetako biztanleek debozio handia diote azaleko gaixotasunentzat ur sendagarriak direla sinesten baitute. Iturriak hiru ur-zurrusta ditu normalean, eta lau urte euritsua izan denean. Errituala hurrengoa da: iturriko aho guztietatik edan behar da lehen eta, ondoren, oihal bat uretan busti eta sendatu beharreko edota mindutako azal-atalak igurtzi behar dira. Oihala iturri inguruko landaretan zintzilik utzi behar da; gero Igantziko erretoreak bildu eta erre egiten ditu. Azkenik iturri gainean dagoen santutegira igo eta San Juani kandela bat ipini behar zaio.Gaur egun asko dira iturri honetara hurbiltzen direnak bere ondoezak sendatzeko itxaropenarekin. Horren lekuko iturri alboan aurkituko ditugun oihalak dira.

Ibilbidearen deskribapena
Ibilbidea herriko elizaren aurrean hasiko dugu. Hasierako zatia asfaltatutako auzo-bide batetik egiten da. Herriko azken baserriaren aurrean dauden bi bidetatik eskuinekoa hartu behar da. Pista bati jarraituz igotzen segitu eta basotxo bat zeharkatzean dagoen bidegurutzean hego-mendebaldera egin. Igotzen jarraitu eta baso bat igaro ondoren, Unanu gailurrera iristen da. Bertan harri batzuk, lauburu bat eta orientazio-taula bat aurkituko ditugu. Gailurretik dagoen panoramika ederra da.

Jaisteko hego aldeko gandorrari jarraitu behar zaio. Hasieran bidezidor batetik jaisten da, gero pistatik. Borda eta baserri batzuk dituen Eguzkialde auzora iritsiko gara. Jarraitu jaisten Arrata errekaraino. Bertan San Juan Xar iturrira doan bide harriztatuarekin (SL-NA 1 bidearekin) egingo dugu topo. Igantzira iristeko azken zatiak berriro ere gorantz egiten du. Azken igoera hori zelaiak zeharkatzen egiten da, harresi txikiz mugatutako bide batetik. Nahiko laburra da eta erraz egiten da.

IRTEERA
Eguna: Urtarrilak 19 (LARUNBATA)
Irteera ordua: Goizeko 8:00tan
Tokia: Atsegindegi.

IBILBIDEA
Luzera: 11 km
Denbora: 3-4 h.
Desnibel metatuak: 600 m gorantz eta beherantz.
Zailtazuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.

OHARRA: Irteera goizekoa da.