Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Argualas mendia.

Argualas mendia.:: pirineos3000.com

Argualas (3.046 m), Baños de Panticosaren begirale

mendirizmendi.com  | 2021-07-05

Mendi elkarte bezala onartua izateko hiru milako gailur bat egin behar zen 1950. hamarkadan. Balentria hori egin zuten kideak oroitzeko errepikatuko dugu Argualas gailurra. Anima zaitez!!

Nahiz eta aurten 75. urteurrena ospatu Mendiriz Mendi ofizialki mendi elkarte bezala onartua izatea 1954. urtean lortu zen. Garai hartan elkarteko kideak esperientzia zuten mendizaleak zirela “demostratzeko” hiru milako gailur bat igota zutela baieztatu behar zen. Balentria hori burutzera Antonio Agirresarobe, Bixente Zupiria, Jesus Gabilondo, Joakin Zigaran, Juan Otamendi eta Tedi Setien animatu ziren Fortuna elkarteak antolatutako irteera bat aprobetxatuz. Espedizio hartan parten hartu zuten bik lortu zuten gailurra zapaltzea: Antonio Agirresaborek eta Juan Otamendik. Guk haien balentria ospatzeko, zeren garai hartan balentria bat zen, irteera hau antolatu dugu.

Mendebaldetik hasita Argualas Piriniotako lehen hiru milakoetako bat da. Baños de Panticosatik aurrez-aurre ikusten da gailurra. Garmo Negro, Algas eta Argualas berak osatzen duten zirkoaren ezker erpinean kokatuta dago.

Baños de Panticosatik irten eta Argualaseko ur-jauzi aldera egin behar da. De la Laguna iturriaren kaseta alboan jaiotzen da Garmo Negrora igotzen den bidea. Lehen zatia baso barrutik egiten da. Majada Baja eta Majada Alta de Argualas delako eremuetatik pasa ondoren Garmo Negro gailurra bere azpitik zeharkatu behar da goiko zirkora iristeko. Bertatik zirkoko edozein gailur egiteko aukera dago. Guk Argualas egingo dugu.

Horretarako zirkoari bira eman eta bidezidor bati jarraituz Argualaseko gandorrean dagoen lepotxo batera igo behar da. Bidea ez da arriskutsua, baina ez da egokia bertigoa duenarentzat. Lepora iristerakoan, gandorraren beste aldera pasa behar da eta bide arrastoak jarraituz gailurreraino igo. Zati honetako une batzuetan eskuak erabili behar dira. Ez da arriskutsua, baina eroso eta beldurra pasa gabe ibiltzeko, harkaitzean ibiltzen ohitura izan behar da.

Gailurretik Baños de Panticosa aldera dauden bistak ikusgarriak dira. Horrengatik soilik pena merezi du igoerak. Jaitsiera toki beretik egingo dugu.

IRTEERA
Egunak: Uztailak 24 eta 25.
Ordua: 13:30etan.
Tokia: Atsegindegi, Biterin kultur etxearen parean.

IBILBIDEA
Luzera: 11 km
Denbora: 8-9 h
Zailtasuna: Desnibel oso handia, 1.400 m gora eta beste horrenbeste behera. Azken zatian eskuak erabili behar dira. Bertigoa dutenentzat ez da aproposa.
Beharrezko materiala: Elurrik ez bada, mendiko material arrunta, bestela kranpoiak eta pioleta.
OHAR GARRANTZITSUA: Irteeran parte hartzeko derrigorrez mendi asegurua izan behar da (Euskal Mendi Federazioan edo Espainiakoan).