Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Ur-jauzia.

Ur-jauzia.:: turismovasco.com

Berganzo: "Uraren bidea"

mendirizmendi.com  | 2022-02-22

Gure geografiako beste ibilbide askok eskaintzen diguten guztia biltzen ditu ibilbide honek: Bista ederrak, ehunka urteko zuhaitzen basoak, ur-jauzi ederrak, historia askoko herri landatarrak eta ibilbide erraza. Nork ematen du gehiago?

Berganzoko uraren bidea Berganzoko hirigunean hasi eta amaitzen den ibilbide zirkularra da. Kantabriako mendilerroan dago eta pertsona guztientzat aproposa da. Ibilbidea egiten duen pertsona oro maiteminduta geratzen da berarekin.

Herrerietako ur-jauzia da ibilbide honetako lekurik deigarriena eta ezagunena. Nerbioiko jauziarekin batera Euskadiko ur-jauzi ikusgarrienetako bat da. Ehunka zuhaitzez babestuta dago, eta ikuspegi ikusgarri bat eskaintzen du.

Ibilbide honen izenak argi uzten du urak duen protagonismoa. Ibilbide horrek bi atal ditu: joana, Inglares ibaiaren ondoan, eta itzulia, Berganzoko hidroelektrikoaren ubidearen ondoan, horrela ibilbide zirkularra osatuz.

Ibilbidearen deskribapena
Autoa hirigunean utzi ondoren ibilbideari hasiera emango diogu. Seinalizazioa zehatza da eta kartelak eta marka zuri-urdinak aurkituko ditugu bidea adierazten, ez du galerarik.

Ibilbidearen lehen zatia zuhaitzen artean igarotzen da, Inglares ibaia gertu dugula. Bidearen zati hau ez da oso polita, baina lasai, ez kezkatu, gero hobetzen da. Herria atzean utzi ondoren, bideak gora egiten du bidegurutze batera iritsi arte. Bertan ezkerreko adarra hartu behar da eta Inglares ibaiarekin topo egin arte jaitsi.

Puntu horretatik aurrera, ibaia gure lagun leiala izango da. Bidean aurkitzen ditugun zoko edo sargune guztiez gozatzea gomendatzen dugu merezi du eta. Ibilbidearen zati honek 200 m-ko desnibela du eta, horren ondorioz, ur ur-jauzi eta ur-laster ederrak aurkituko ditugu. Errepide bat zeharkatu ondorez, berehala, ibilbide honetako protagonista handiena aurkituko dugu, Herrerietako ur-jauzia. Ibaira jaistea gomendatzen dugu, ur-jauziaren ikuspegi osoa izateko.

Ikuskizunaz gozatzen amaitzen dugunean, ezkerraldetik gora igo behar da, aldapa motz baino gogor batetik, ur-kanalarekin topo egin arte. Bertan hasten da Berganzora itzultzeko bidea. Itzulera oso desberdina da. Aurrekoa baso artean zihoan, bailararen behealdean, Inglares ibaiaren ondoan. Oraingoak haranaren goiko aldea zeharkatzen du, inguruko guztiaren ikuspegi zoragarriak eskainiz. Bidearen zati hau aurrekoa baino eramangarriagoa da eta pixkanaka, Berganzora hurbilduko gaitu. Bidean, paraje bitxiak topatuko ditugu, esate baterako ubideari jarraipena emateko harkaitzean zulatutako tunelak.

Kanalaren ura erregulatzen duen burdinazko giltza birakari txikira iristean, kanala uzteko garai dela jakingo dugu. Hortik herrira jaistea soilik geratzen zaigu. Desnibela du, baina lasai hartuta erraz egiten da.

Izena emateko
Irteera Martxoaren 20ean izango da. Irteera lekua Atsegindegi da eta irteera ordua goizeko 8:00ak. Zehaztasun gehiago izateko eta izena emateko, elkarteko bulegotik pasa (Iturregi plaza z/g) astelehen, ostegun edo ostiralean arratsaldeko 8etatik 9etara.

Datu interesgarriak
Distantzia: 8 Km
Denbora: 3 ordu
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoak.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.