Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Faro del Caballo.

Faro del Caballo.:: mendirizmendi.com

Monte Buciero,
Santoñaren
zelataria

mendirizmendi.com  | 2022-03-16

Monte Bucierok dituen ibilbideetan historia eta natura konbinatzen dira. Kantauri isurian lehen zeuden artadi handi horien aztarna gordetzen du. Patrimonio eta historia aldetik ere toki aberatsa da.

Monte Bucierok natura aldetik oso ekosistema bitxia du. Mendian dagoen artadia Kantauri isurian lehen zeuden artadi handi horien aztarna da. Itsaso aldera dagoen inguru guztia amildegi bertikalez josia dago. Bi ezaugarri horiengatik inguru honetako fauna eta flora bitxia eta aberastasun ekologiko handikoa da.

Patrimonio eta historia aldetik bi faro ikusgarri ditu eta gotorleku eta kanoi-bateria aztarnak ugariak dira. Bisitatuko den lehen itsasargia Faro del Caballo izenekoa da. XIX. mendearen erdi aldera (1863. urtean) martxan jarri zen, baina gaur egun utzita dago. Aldiz, bigarrena, Faro del Pescador izenekoa, nahiz eta urtebete beranduago eraikia izan gaur egun oraindik lanean dabil. Hasieran oliba olioarekin funtzionatzen zuen itsasargia zen. Gero zikloi batek eragindako kalteak zirela eta 1915. urtean berritu egin zuten. San Martin gotorlekua Felipe II garaikoa da eta eraikitzeko garaian fortifikazioan Carnot sistema erabili zen azkenetarikoa da. Zertxobait gorago Galbaneseko kanoi-bateriak daude. Inguru horretan ere dago San Carlos gotorlekua dago. Kartzelaren inguruetan Bateria del Aguila izeneko kainoi eraikuntza dago. Gaur egun oraindik artilleriarako bi oholtza eta munizioak gordetzeko bi biltegi zutik irauten dute.

Ibilbidearen deskribapena
Ibilbidea San Martin gotorlekuaren parean hasten da. Gaztelura igo eta bertan bidea bitan zatitzen da. Eskuineko adarrari jarraitu behar zaio. Bidea pista bihurtzen denean, gogor gora egiten hasten da. Zertxobait aurrerago San Carlos gotorlekua ikusteko aukera dago eta zertxobait aurrerago Peña del Fraile gainean dagoen begiratokira iritsiko gara. Bere amildegietan prehistoria garaiko kobazuloen arrastoak ikus daitezke.

Bideari jarraitu eta Casa de la Leñarekin egingo dugu topo. Bide nagusia utzi eta ezkerrera eginez Buciero gailur aldera igotzen hasiko gara. Ganzo gailurtxotik pasa ondoren Buciero gailurra zapalduko dugu. Bertatik ikusten diren bistak zoragarriak dira.

Bide beretik bueltatu eta mendiari itzulia ematen jarraituko dugu. Bidea harkaitz horma batzuen albotik pasatzen da eta berehala bidegurutze batera iristen da. Faro del Caballo eta San Felipe kanoi-bateriara jaitsi nahi bada, eskuinera egin behar da. Bateriara iristerakoan itsasargi aldera dagoen bista zoragarria eta ikusgarria da. Itsasargira jaisteko bidea malkartsua da eta 700 eskaloi inguru jaistea (eta gero igotzea noski) suposatzen du. Itsaso mailaraino jaisteko asmoa baldin badugu beste 100 eskaloi inguru gehitu beharko dizkiogu.

Eskaloi guztiak igo eta bidegurutzera itzuli ondoren, eskuinera egin eta bide nagusia jarraitu behar da. Hurrengo bi kilometrotan bidea artadi zoragarri baten barrutik doa. Arteekin batera ugariak dira ereinotzak eta gurbitzak. Hurrengo bidegurutzean ezkerrera egin behar da eta, aurrerago, zuzen doan bidea utzi eta eskuinera jaisten dena hartu behar da. Zati aldapatsu bat igaro ondoren Faro del Pescador izeneko itsasargira iritsiko gara.

Bertatik errepidea jarraitu eta berehala ikusiko ditugu Berriako ontzartza eta Penal del Dueso-ko kartzela. Kartzela bere ezkerretik inguratuz Dueso auzora iritsiko gara eta bere goiko partean Fuerte del Mazo eta Polvorin del Helechal gotorlekuak daude. Errepideari jarraituz berehala Casablanca begiratokira iristen da. Hemendik Santoña eta bere inguruko paduren aldera daude bistak zoragarriak dira. Begiratokitik ibilbidearen amaierara bi kilometro eskas geratzen dira.

Izena emateko
Irteera Apirilaren 3an izango da. Irteera lekua Atsegindegi da eta irteera ordua goizeko 7:30ak. Zehaztasun gehiago izateko eta izena emateko, elkarteko bulegotik pasa (Iturregi plaza z/g) astelehen, ostegun edo ostiralean arratsaldeko 8etatik 9etara.

Datu interesgarriak
Distantzia: 18 Km
Denbora: 5-6 ordu
Desnibela: 500 m gorantz eta horrenbeste beherantz. Farora jaitsi nahi duenak 200 m desnibela gehitu beharko dio ibilbideari.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoak.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.