Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Bideko baserriak.

Bideko baserriak.:: mendirizmendi.com

GR-11 2. etapa: Bera - Elizondo

mendirizmendi.com  | 02-12-2017

Pirinioetako bidea den GR-11 bidearen bigarren etapa osatuko da oraingo honetan. Oraingo honetan, eta ia etapa guztiak amaitu artean, Nafarroako lurretan ibiliko gara, zehazki Bidasoa eta Baztan bailaretan.

Mendebaldeko Pirinioak oso toki aproposa dira hegaztiek Europan barrena egiten duten migrazioa arretaz ikusteko eta aztertzeko. Udazkenean hegazti pasa izugarria izaten da eta Lindus, Lizarrieta eta Organbidexka inguruko pasabideen orografia-ezaugarriek eraginda, lepo horiek leku ezin hobeak dira Europako hegazti harraparien eta migratzaileen ikerketa egiteko.

Udazkenero, iparrak edo ekialdeko haizeak jotzen dutenean, Etxalarko zeruan barrena milaka uso pasatzen dira mendi gainetik. Duela 800 urte inguru, artzain batek usoei harriak botatzeko ohitura hartu zuen. Usoak jaisten zirela ikustean, hegaztiak harrapatzeko, apaiz batek sareak jartzeko esan zion. Eta horrela sortu zen ehizatzeko modu berezi hori. Iberiar penintsulan bakarra da, eta harrez geroztik egiten da herrian. Historian zehar luxuzko ikusleak izan dira ehiza horretan, hala nola Napoleon III.a, Alfontso XII.a eta XIII.a. Gaur egun, Kultura-ondasun izendatuta dago. Jarduera hau ikusteko eta ezagutzeko izaten da bisita gidatuak egiteko aukera.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Bera herritik Ibardin aldera doan errepidea hartu eta metro batzuk aurrerago errotonda bat dago. Bertan GR-11 bidea markatzen duten panel batzuk daude. Eskuinera egin eta Labeaga ikastola alboan jaiotzen den asfaltatutako pista hartuta Santa Barbara gailurrera igo behar da. Gailur-lerroari jarraituz Meakako lepora eta Sorokogaña gailurrera igo behar da. Idoia lepora jaitsi eta Lizarrietako mendatera hurbildu behar da. Bertan edariak eta oinarrizko produktuak erosteko aukera ematen duen benta dago.

Bideari jarraituz Xorilepo eta Lakain lepoetatik pasa ondoren, jaitsi Argarate erreka igaro behar da. Bideak hego alde jarraitzen du Elordi lepora igotzen da eta ondoren, ezkerrera eginez, Iraza lepora jaisten da. Bertan Urtsumiatza lepora eramaten duen pista hartzen da. Bideak gora eta behera egiten du eta hainbat lepo zeharkatu ondoren (Gaineko Soroa, Also, Eskisaroi) aldapak gogor egiten du gora. Atxuela eta Arburu gailurrak beraien mendebaldetik inguratuz Atxuela lepora iritsi behar da. Bertan bide nagusiena hartu eta Iñaberri leporaino jarraitu behar da. Hemendik aurrera bideak behera egiten du. Bagordi izeneko eremuan amaituko dugu bidea.Bertara igoko da autobusa.

IRTEERA
Egunak: Abenduak 17
Irteera ordua:Goizeko 7:30
Tokia: Atsegindegi

IBILBIDEAK
Luzera: 24 km
Denbora: 8-9 h inguru (geldiuneak barne)
Desnibel metatua: 1.250 m inguru gorantz eta 1.150 m beherantz.
Zailtazuna:Zailtasun berezirik gabekoa.Ibilbidea luzea denez egoera fisiko onean egotea gomendatzen da.
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.

Oharra: Bazkaria motxilan eraman behar da.

Mendiriz Mendi

Plaza Iturregi, s/n
20120 Hernani - Gipuzkoa
Tel.: 943 332 745

info@mendirizmendi.com

Info Montaña