Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Petilla Aragoi herria.

Petilla Aragoi herria.:: Txus Goñi Garde

Irteera Petilla
Aragoitik
Selvara (1.158 m)

mendirizmendi.com  | 31-03-2018

Ibilbidea Aragoiko lurraldez inguratuta dagoen Nafarroako herrixka batean kokatzen da, Petilla de Aragon herrian. Euskal Herriko herririk ezkutuenetarik bat dela esan daiteke.

Ibilbidea Petilla de Aragon herriko lurretan kokatzen da. Nahiz eta herriaren izenak kontrakoa esan, lur hauek Nafarroakoak dira.

Petilla Aragoi erreinuko herria izan zen XIII. mendera arte. Nafarroako Antso VII.a indartsuak Aragoiko Pedro II. erregeari eginiko 20.000 marabediko mailegu baten garantia Petilla de Aragon jarri omen zuten. Aragoiko erregeak mailegua ezin izan zuenez bueltatu 1231an herria Nafarroako erreinukoa izatera pasatu zen. Urte batzuk beranduago, 1312an, aragoitarrek herria indarrez berreskuratzen saiatu ziren, baina bertako herritarrek, Zangotzakoen laguntzarekin, setio gogorrari eutsi eta erasoari aurre egin zioten. Nafarroako erreinuari izandako leialtasun horren truke hiribildua titulua jaso eta zergak jaitsi zizkieten.

Petilla de Aragón herrian jaio zen Santiago Ramón y Cajal ikertzaile famatua 1852. urtean. Santiago Ramón y Cajal-ek nerbio ehunaren oinarrizko egitura zelularra neurona zela demostratu zuen. Nerbio sistemarekin eta neuronekin eginiko ikerketengatik, Camillo Golgi ikertzaile italiarrarekin batera, Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen 1906. urtean.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Ibilbidea Petilla herrira iritsi baino 3 km lehenago hasten da Nafarroako Diputazioarena den etxabe baten parean dagoen aparkalekuan. Aparkalekuaren eskuin aldean jaiotzen den pistari jarraitu behar zaio. Zubi batetik erreka bat zeharkatu eta borda bat igaro ondoren gora egin behar da sakan batetik. Zementuzko tarte bat eta iturri bat pasa ondoren lepo batera iritsiko gara.

Lepo honetan pista ugari elkartzen dira. Guk ezkerreko pistari jarraituko diogu. Pistak parke eolikoaren aerosorgailuetara eramaten gaitu eta ondoren mendiaren hego isurira. Egoki ikusten denean, mendiaren galdor aldera, errotak dauden aldera, egin behar da. Horien lerroa jarraituz puntu geodesikoa den La Selva edo Uncastillo (1.158 m) gailurrera iritsiko gara.

Gailurretik ikusten den paisaia zoragarria da.


IRTEERA
Eguna: Apirilak 15.
Irteera ordua: Zehazteke.
Tokia: Atsegindegi.

IBILBIDEA
Luzera: 15 km
Denbora: 3 h inguru.
Desnibel metatua: 450 m inguru gorantz eta beherantz.
Zailtazuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.

Mendiriz Mendi

Plaza Iturregi, s/n
20120 Hernani - Gipuzkoa
Tel.: 943 332 745

info@mendirizmendi.com

Info Montaña