Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Aralarko San Migel Santutegia.

Aralarko San Migel Santutegia.:: visitnavarra.es

GR-20 1. etapa: Lizarrusti -
Aralarko San Migel
Santutegia

mendirizmendi.com  | 2022-08-21

Azken urte hauetan berreskuratutako GR-etako bat egiten hasiko da elkartea, GR 20a. Ibilbide honek Aralarko mendilerroari itzulia ematen dio.

GR20ak natura eta Aralar inguruan kokatzen diren herri eta herrixka interesgarriak ezagutzeko aukera ematen du. Ibilbide osoaren distantzia 96 km-koa da eta normalean zazpi etapetan egiten da. Itzulia hainbat tokitik hasi daiteke baina guk Lizarrustiko Parketxetik emango diogu hasiera.
Aralarko Itzuliak haranak, leizeak eta kobazuloak dituen paisaia harritsua ikusteko aukera ematen du, baita belardiak eta pagadiak ere. Mendilerroa, gainera, estazio megalitikoetan aberatsa da.

Ibilbidearen deskribapena
Mendatean eki aldera gora egin behar da zutoin adierazleak jarraituz. Zertxobait aurrerago ezkerrera biratu eta ekialdera eginez dorre elektrikoen albotik zati luze batean pista lau bati jarraitzen zaio. Basotik tarte batean gora egin ondoren, bideak beherantz jotzen du eta NA-120 errepidera hurbiltzen gaitu.
Errepidea zeharkatu eta gorantz egin behar da Pipuletako lepora iritsi arte. Tarte honetan igotzen da modu jarrai batean etapako desnibel handiena, 250 metro inguru. Lepotik Artabakarreko bordara joan behar da eta handik, berriro gora eginez, Arangun izeneko parajera. Azken zatia pagadian eta gune karstiko baten barrutik egiten da.
Pagadi eta orbel artean, bideari jarraituz, Uztokiko zelaietara hurbilduko gara. Ataka bat igaro ondoren, bidezidorrak amildegiaren gainean bira bat egiten du eta berriro gora egiten da Saldisgain gailurrera igo arte. Ondoren behera egin behar da Uharteko bordetaraino jaisten duen bidearekin topo egin arte. Beheraxeago, ezkerrera biratuta, haran txiki batean sartu eta gora egin behar da bide zabaletik. Azken igoera da. Bide hau Uhartetik Santutegirako igotzen den ohiko bidearekin elkartzen da eta azken metroak bide horretatik egiten dira.

Izena emateko
Irteera Irailaren 25 izango da.
Irteera lekua Atsegindegi da eta irteera ordua goizeko 8:00tan izango da.
Zehaztasun gehiago izateko eta izena emateko, elkarteko bulegotik pasa (Iturregi plaza z/g) astelehen, ostegun edo ostiralean arratsaldeko 8etatik 9etara.

Datu interesgarriak
Denbora: 5-6 ordu
Desnibela: 600 m gorantz
Zailtasuna: Zailtasun berezirik ez.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.