Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Soila Pico la Muelatik ikusita.

Soila Pico la Muelatik ikusita.:: mendirizmendi.com

Soila eta Pico la Muela
Arabako Izki Parkean

mendirizmendi.com  | 06-05-2025

Irteera honetan Izkiko Parke Naturalaren barrena ibiliko gara. Inguru honetako bi gailur esanguratsuenak zapalduko ditugu ibilbide zirkular bat eginez. Parajea oso polita da.

Izki Arabako Mendialdeko Kuadrillan dago, Arabako Lurralde Historikoaren hego-ekialdean, Gasteiztik 31 kilometrora eta 1998an izendatu zuten Parke Natural. Funtsean, Izki basoa eta harkaitza da. Izki ibaiak zeharkatzen duen eta mendiek inguratzen duten baso-eremu handi bat dela esan daiteke. Nagusiki ameztia dago, baina pagadiak, artadiak, haltzadiak, hariztiak… ere badira. Ibai txikiek zeharkatzen dute bailara eta zeruan, basoaren gainean planeatuz, arrano beltzaren, zapelatzaren, sai zuriaren eta sai arrearen figurak nabarmentzen dira.

Kultur ondare oparoa du ere eremu honek: leize-zulo artifizialak, baselizak, herri gotortuak, tumuluak, karegileak, gazteluak, hondakin arkeologikoak… eta azkenik, Korres Erdi Aroko herria, eremu babestuaren mugen barruan dagoen herrigune bakarra. Bertako gastronomiak, gertuko herrietako ohiko jaiek eta erromeriek ere jendea erakartzen dute. Korres herrian Izkiko Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa dago. Bertan Izkiko ibilbideei eta beste berezitasun batzuei buruzko informazioa eskuratzeko aukera dago. Gainera, bertako erakusketa iraunkorrean Izkiko ekosistemen dibertsitatea, parkeko fauna eta flora ezagutu daitezke.

Burutuko dugun ibilbide zirkularrak Izkiko Parke Naturaleko paisaia esanguratsuenetako batzuk zeharkatzen ditu. Ibilbidea Korres herrian hasi eta amaituko da.

Datu interesgarriak
Eguna: Maiatzak 18
Irteera ordua: Goizeko 7:30tan
Luzera: 17 km
Denbora: 6 ordu inguru.
Desnibela: 900 m gorantz eta beste horrenbeste beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Zati batean soka finkoak dituen pasagune bat igaro behar da, baina mendian ohituta dagoenarentzat ez dago arazorik.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

OHARRA: Bazkaria motxilan eraman behar da, bidean bazkaltzeko asmoa baitago.

Mendiriz Mendi

Plaza Iturregi, s/n
20120 Hernani - Gipuzkoa
Tel.: 640 535 975

info@mendirizmendi.com

Info Montaña