Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Collados del Asonetik ikuspegia.

Collados del Asonetik ikuspegia.:: Iñaki Andarin

Santioko asteburu luzea Kantabrian,
Collados del Ason Parke Naturalean

mendirizmendi.com  | 03-07-2025

Hiru eguneko irtenaldi zoragarria. Kantabria ekialdeko eta Bizkaiako mendebaldeko eremuen artean ibiliko gara. Bigarren egunean Collados del Ason Parke Naturala ezagutzeko aukera izango dugu. Anima zaitez!

Ia urtero egiten dugun bezala, aurten ere Santioko asteburu luzea mendira joateko aprobetxatuko dugu. Oraingoan Kantabria ekialdeko eta Bizkaia mendebaldeko mendiak ezagutzeko aukera izango dugu. Lanestosa herriko aterpea oinarri gisa erabiliz, inguruko parajetan ibiliko gara. Joateko eta etortzeko bidai-egunetan irteera erraz, baina oso politak antolatu ditugu.

Uztailak 25
Atsegindegitik irten eta Ranero herrira hurbilduko gara. Bertan dagoen Pozalagua kobazuloa bisitatuko dugu lehenik. Bisita eguerdian hartu dugu eta hiru ordu laurden ingurukoa izango da. Edozein norabidetan hazten diren estalaktita eszentrikoen kontzentrazio handiagatik ezaguna da Pozalaguako kobazuloa.
Kobazuloa bisitatu ondoren Ranero mendira igoko gara. Zirkular handi bat eginez Ranero herrira jaitsiko gara eta bertatik kobazuloko aparkalekura igoko gara.

Uztailak 26
Egun honetan Collados del Asoneko Parke Naturala ezagutzeko eta gozatzeko aukera izango dugu. Lekua benetan ederra da. Inguruko mendiak ez dira oso garaiak eta Euskal Herriko mendietan gaudenaren sentsazioa izango dugu sarritan.
Collados del Asonetik irten eta Colina mendira igoko gara. Bertatik mendi gandor bati jarraituz Senderon, Cubios, Alto de la Mina eta Porracolina gailurrak zeharkatu ondoren Machucos mendatean amaituko dugu.
Egun honetako ibilbidea luzea da, baina ez da zaila. Hori bai, motxilan ur nahiko eraman behar da (guk 3 litro inguru eramatea aholkatzen dugu) ibilbide osoan ia ez baita iturririk.

Uztailak 27
Lanestosako aterpetik oinez atera eta Peña del Moro mendira igoko gara. Bertatik Ramales de la Victoria herrira jaitsiko gara. Paisaia karstiko aberatsa duen ingurutatik barrena doa ibilbidea. Mirador de Moroko lepotik Ramalesea dagoen tartea baso barrutik egiten da, gerizpean.

Izena emateko
Irteera Uztailaren 25, 26 eta 27an izango da.
Irteera, ostirala, 25ean, goizeko 8:00tan izango da, betiko lekutik, Atsegindegitik.

Zehaztasun gehiago izateko eta izena emateko, elkarteko bulegotik pasa (Iturregi plaza z/g) astelehen, ostegun edo ostiralean arratsaldeko 8etatik 9etara.

Izena emateko epea uztailak 7an irekiko da eta uztailak 18an itxiko da. Izena emateko garaian 100 euro aurreratu beharko dira. Plaza mugatuak (28).

Nahitaezkoa da federatuta egotea.

Datu interesgarriak

Uztailak 25
Luzeera: 10 km
Denbora: 4-5 ordu.
Desnibela: 450 m inguruko desnibela gorantz eta beherantz.

Uztailak 26
Luzeera: 15 km
Denbora: 7-8 ordu.
Desnibela: 1000 m inguruko desnibela gorantz eta 800 m inguru beherantz.

Uztailak 27
Luzeera: 12 km
Denbora: 4-5 ordu.
Desnibela: 550 m inguruko desnibela gorantz eta 750 m ingurukoa beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun berezirik ez. Galtza luzeak eta makilak eramatea aholkatzen da.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

OHARRA: Aterpeetarako lo-zakua edota maindirea eta toalla eraman behar dira.

Kantabria. Kantabria.:: Mendiriz Mendi ::

Mendiriz Mendi

Plaza Iturregi, s/n
20120 Hernani - Gipuzkoa
Tel.: 640 535 975

info@mendirizmendi.com

Info Montaña