Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

Helduen irteera

Udalaitz

Udalaitz:: mendirizmendi.com

Udalaitz

mendirizmendi.com  | 2026-08-18

Udalaitz Debagoiena eta Durangaldea artean kokatua dago, Arrasate herriaren gainean. Anboto mendiarekin batera zerumuga ederra osatzen du, kilometro askora ikus daitekeena.

Beste mendietatik nahiko isolatuta dagoen gailurra izanik eta bere fisionomia zorrotz eta malkartsuagatik, mitologiaz beteriko mendi sakratua da euskaldunentzat, garrantzi sinboliko handiarekin. Herri tradizioak adierazten duenez, Mariren egoitza nagusia Anbotoko kobaundin dago. Hori dela eta Anbotoko Dama bezala ere ezagutzen da. Hala ere, ez da hor beti bizi. Udalaitz eta Aketegiko kobazulo eta erraietan ere bizi da, mendi horiek eta Anbotoko bizilekua tartekatuz.

Arrasateren izenak islatzen duen bezala (Mondragón; dragoiaren mendia), Udalaitz dragoiei buruzko mitoekin ere lotuta dago. Dragoi mitologikoekin herri-sinesmenek aukera izan dute muturreko klimatologiari, baso-suteei eta bestelako hondamendi naturalei azalpenak emateko.

Udalaitzen aztarna paganoak eta kristauak bizikide dira. Horrek magikotzat jotzen diren tontorrak kristautzeko prozesu historikoa erakusten du. Gailur nagusiaren aurretik dagoen eremu batean, baseliza baten basamentuen hondakinak ikus daitezke. Jasokundeko santutegi zaharraren erorkinak dira. Santutegia munduko bizitzatik urrun Jainkoari bizia eskaintzeko ermitauek eraikitakoa da.

Ibilbidearen deskribapena
Oraindik ez dugu guztiz zehaztu nondik igoko garen. Seguruenik Udala auzotik irtengo gara. Horrela bada, ia hiru kilometro dituen igoerari ekin behar zaio. Bidea argia da eta lainorik ez bada, ez dago galtzeko arazorik.

Hasieran baso barrutik, ondoren mendiko goi belazetatik Herexako lepora igo behar da. Bertatik, ezkerrera eginez, gailurrera igotzeko azken aldapei ekin behar zaie. Gailurretik bistak zoragarriak dira, bai Bizkaia aldera (Anboto, Gorbea…), bai Gipuzkoa eta Nafarroa aldera (Aizkorri, Aralar,…).

Datu interesgarriak
Eguna: Irailak 6
Irteera ordua: Goizeko 08:00etan
Luzera: 12 km
Denbora: 6 ordu inguru.
Desnibela: 600 m gorantz eta beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.